Trantsizio Ekologikorako Ministerioa da Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan eskumena duen saila, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko, natura-ondarea, biodibertsitatea eta itsasoa babesteko, eta ekoizpen- eta gizarte-eredu ekologikoago baterako trantsiziorako Gobernuaren politika proposatzeko eta gauzatzeko.
Trantsizio Ekologikorako Ministerioari dagokio, Estatuaren eskumenen eremuan, uren eta kosten, ingurumenaren, meteorologiaren eta klimatologiaren arloko estatu-legeria egitea; jabari publiko hidraulikoaren eta itsasoaren eta lehorraren arteko jabari publikoaren zuzeneko kudeaketa egitea; gai horiei dagozkien nazioarteko organismoetan Estatua ordezkatzea, Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren eskumenei kalterik egin gabe; bai eta jarduketak koordinatzea, lankidetzan aritzea eta hitzarmenak egitea ere, diseinuari eta aplikazioari dagokionez, autonomia-erkidegoen eskumenak eta parte-hartzea sustatzen dituzten gainerako erakunde publiko guztiak aintzat hartuta.
Era berean, Trantsizio Ekologikorako Ministerioari dagokio energia- eta meatzaritza-politika nazionala garatzea, energia-hornidura ziurtatzeko neurriekin eta arlo horretako kanpo-proiekzioaren koordinazioarekin batera, eta sektorearen erregulazio zuzena eta merkatu horien azterketa eta jarraipena bermatzea, meatzaritzako eskumenekin batera, trantsizio ekologikoaren esparruan betiere.
Aurreko eskumen horiek Trantsizio Ekologikorako Ministerioari esleitzen zaizkio, ezertan eragotzi gabe Estatuko Meteorologia Agentziaren Estatutuan agentzia horri dagozkion administrazio-ahalei buruz xedatutakoa.
Errege-dekretu honetan esleitutako eskumenak koordinazioan ulertuko dira, eta ezertan eragotzi gabe beste ministerio-sail batzuei eta, hala badagokio, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari dagozkienak. Bereziki, Europar Batasuneko erakundeekin edo nazioarteko organismoekin lotutako eskumen guztiak Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioarekin koordinaturik gauzatuko dira, eta, hala badagokio, Ekonomia eta Enpresa Ministerioarekin.