2016RAKO LAN-ESKAINTZA PUBLIKOA ONARTU DA, 19.121 PLAZAREKIN
Txanda irekiko 13.427 lanpostuek eta barne-sustapeneko 5.694 lanpostuek % 62,14ko eta % 20,25eko igoera dakarte, hurrenez hurren, 2015eko datuekin alderatuta.
19.121 plazetatik, 1.669 Indar Armatuenak dira (txanda askekoak, 761 eta barne-sustapenekoak, 908), eta horien eskaintza hurrengo Ministroen Kontseiluan onartuko da.
Lehentasunezko zerbitzuen berritze-tasa % 100ekoa da, eta hauek dira bere lehentasunak: iruzur fiskalaren eta lan-iruzurraren aurkako borroka, ikerketa eta berrikuntza, gizarte-zerbitzuen erabiltzaileei laguntzea, Justizia Administrazioa, Estatuko segurtasun-kidegoak eta enplegu-politikak. Ministroen Kontseiluak Estatuko Administrazioaren Enplegu Publikoaren Eskaintza jasotzen duen Errege Dekretua onartu du. Eskaintza horretan, Estatuko Administrazio Orokorrari eta hari atxikitako organismo eta erakundeei dagozkien lanpostuak sartzen dira, bai eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Justizia Administrazioaren zerbitzupeko langileena eta 2016rako gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioena ere. Era berean, Ministro Kontseiluak, bi errege-dekreturen bidez, Guardia Zibilaren Kidegoaren eta Polizia Nazionalaren Kidegoaren enplegu publikoaren eskaintzak onartu ditu.