Goi-kargudunak. Gobernu onaren printzipioak
- 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa.. (II. titulua).
Ministerioetako titularrek, estatu-idazkaritzek eta goi-kargudun guztiek, beren eginkizunak betetzean, Espainiako Konstituzioan eta gainerako ordenamendu juridikoan xedatutakoa beteko dute, eta oinarrizko eskubideekiko eta askatasun publikoekiko errespetua sustatuko dute.
- Gardentasunez jardungo dute gai publikoen kudeaketan, eraginkortasun-, ekonomia- eta efizientzia-printzipioen arabera eta interes orokorra asetzeko helburuarekin.
- Zerbitzu publikoan arituz beteko dituzte beren eginkizunak, printzipio horien aurkako jokabiderik gabe.
- Inpartzialtasun-printzipioa errespetatuko dute, interes partikular ororekiko independentea eta arrotza den irizpidea izan dezaten.
- Beren eginkizunak betetzean tratu berdina eta inolako bereizkeriarik gabea bermatuko dute.
- Behar besteko arretaz jokatuko dute beren betebeharrak betetzean, eta kalitatea sustatuko dute zerbitzu publikoak ematean.
- Jokabide duina izango dute, eta herritarrak arreta handiz tratatuko dituzte.
- Beren gain hartuko dute beren erabaki eta jardueren eta zuzentzen dituzten organismoen erabaki eta jardueren erantzukizuna, hargatik eragotzi gabe legez eska daitezkeen beste batzuk.
- Dedikazio osoz eta bateraezintasunak eta interes-gatazkak arautzen dituen araudia erabat errespetatuz jardungo dute.
- Behar bezalako zuhurtzia gordeko dute beren eskumenak egikaritzean ezagutzen dituzten egitate edo informazioei dagokienez.
- Edozein jarduera irregularren berri izaten badute, organo eskudunei jakinaraziko diete.
- Indarrean dagoen araudiak ematen dizkien ahalak erabiliko dituzte eman zitzaizkien helburu esklusiboarekin, eta interes publikoa edo administrazioen ondarea arriskuan jar dezakeen ekintza oro saihestuko dute.
- Ez dira inplikatuko beren eginkizunekin bateraezinak diren egoera, jarduera edo interesetan, eta ez dute esku hartuko beren objektibotasunari eragin diezaiokeen kausaren bat dagoen gaietan.
- Ez dute berentzat oparirik onartuko, baldin eta opari horiek ohiko erabilerak, erabilera sozialak edo kortesiakoak gainditzen badituzte, eta ez dute onartuko abantaila-baldintzetan eskainitako zerbitzurik edo mesederik, baldin eta beren eginkizunak betetzea baldintzatu badezakete. Garrantzi instituzional handiagoa duten oparien kasuan, dagokion administrazio publikoaren ondarean sartuko dira.
- Gardentasunez beteko dituzte beren eginkizunak.
- Baliabide publikoak behar bezala kudeatu, babestu eta kontserbatuko dituzte, eta ezingo dira erabili aplikatzekoa den araudiak baimentzen ez dituen jardueretarako.
- Ez dute Administrazioan duten posizioa baliatuko abantaila pertsonalak edo materialak lortzeko.